KOKURRIKULAR JARDUERAK

Funtsezko bost tresna metodologiko proposatzen ditugu eskola-ingurunean gizarte-heziketako esku-hartzea artikulatzeko proiektuen araberako lanketarekin.

Jarduera kokurrikularrak GHEPK horretan, barneratuta dauden mikro-proiektu gisa ulertzen ditugu. Jarduera bakoitzak egoera bakoitzera (sinpleagoa edo konplexuagoa izango dena, orokortasun edo espezifikotasun mailaren arabera) egokitutako sekuentzia bat izango du.


Definizioa:

Eskola-ordutegian nahiz eskola-ordutegitik kanpo garatzen diren berariazko ekintzak dira, esperientzia adierazgarriekin ikasleen konpetentziak areagotzera bideratuak. Bertan, ikasleak boluntarioki parte hartzen du komunitatearekin elkarrekintzan arituz. Modu horretan, hezkuntza formalaren luzapena bilakatzen da.


Ezaugarriak:

Jarduerek ikasle aldetiko aniztasuna izan behar dute. Nahi duen oro has daiteke jardueran parte hartzeko bere prozesuarekin. Are, interesgarritzat jotzen da beste ikastetxe batzuetako ikasleek ere parte hartzea eta komunitateko beste elkarte eta gizarte-eragile batzuekin kolaboratzea, ezarritako helburuak lortze aldera.

Horrenbeste jarduera kokurrikularrak mikro-proiektuak dira eta, horien bidez, aldi berean, ikasleen konpetentziak areagotzea bilatzen da. Curriculumarekin duen loturari esker, alde batetik, Zuzendaritza Taldearen, irakasleen eta Orientazio Sailaren eta, beste aldetik Hezitzaile Kokurrikularraren artean ikasle bakoitzari dagokionez bultzatu beharreko konpetentziei buruzko informazioa helarazten da eta zein indartu behar den adosten da, modu horretan, bere errendimendu akademikoa areagotzeko. Jarraipenerako txosten baten bidez kasu bakoitza balioesten da eta, beharrezkoa balitz, gizarte-heziketako esku-hartzea birmoldatu egiten da.

Halaber, haurrak eta nerabeak ahalduntzea lortu nahi da. Ikasleek aktiboki parte hartzen dute hastapen-fasetik, monitore-laguntzaile lanak ere eginez. Horrela, elkarren artean finkatzen dira edukiak, konpromisoak edota arauak. Horiek guztiak, ondoren, sinatu egingo dira hezkuntza-kontratu baten bidez. Ez da ahantzi behar jarduera horiek boluntarioak direla. Horrenbestez, funtsezkoa da jarduera horiek ikasleentzat asebetegarriak izatea, beren lorpenekin zenbateraino goza dezaketen ohar daitezela.

Jarduera kokurrikularrak, gainera, denbora libreko proiektu modura konfiguratzen dira. Aisialdirako alternatiba positiboa eskaintzen dute eta espazio berri bat, non ikasleek beren konpetentziak erabat gara ditzaketen, bereziki pertsonala, soziala eta herritartasunarekin lotutakoa. Modu horretan, haien osasuna, autonomia eta elkartasuna bultzatzen da. Hori guztiori, Hezitzaile Kokurrikularraren Hezkuntza Aholkularitzari esker.

Azpimarratu behar da estrategia gakoa dela jarduera kokurrikularren kudeaketa mistoa bultzatzea, hezkuntza-komunitateko eragile ezberdinen partaidetza aktiboa ziurtatzeko. Hauek izan daitezke jardueren arduradunak: gurasoak, irakasleak, ikastetxez kanpoko programa, zerbitzu eta baliabideetan espezializatutako pertsonak, boluntarioak, kirol-federazioak edota elkarteak. Aparteko aipamena merezi dute, era berean, Gizarte Integrazioko, Gizarte Hezkuntzako edota Gizarte Laneko praktikatan diren ikasleak, izan ere, horiek ere zeregin esanguratsua bete dezakete halako ezaugarriak dituen programa batean. Edozein kasutan, pertsona horiek guztiek Hezitzaile Kokurrikularraren koordinazioa eta gainbegiraketa behar dute ezinbestez.

Orobat, jarduera kokurrikularrek eskola-ingurunean gizarte-heziketako esku-hartzea artikulatzea ahalbidetzen dute. Partaideek ikastetxean bizitzen dituzten egoerak jorratu egiten dira eta aintzatetsi egiten dira proiektuaren garapenean, bakarka, taldeka edo komunitate mailan. Modu horretan, hezkuntza formalaren luzapen bilakatzen dira.

Jarraipena eta koordinazioa errazte aldera, jardueraren arduradunak saioaren jarraipenerako koaderno bat betetzen du. Bertan, puntuen ekonomia-sistema baten bidez, jardueraren garapenarekin lotuta hezkuntza-kontratuan jasotzen diren alderdiak balioesten dira, ikasle bakoitzaren egoera akademikoari buruzko inguruabarrekin batera. Koaderno hori betetzeko saioaren amaieran talde-dinamika burutzen da. Horrek auto-konpentsazio indibidual eta taldekoa ahalbidetzen du. Tresna horren bidez, gainera, jardueraren arduradunaren eta Hezitzaile Kokurrikularraren artean informazioa trukatzen da eta lagungarria da gazteentzat jarduera curriculumarekin uztartzeko.

Jarduera horien kostuari dagokionez, ez da oztopo izan behar ikasleek parte har dezaten. Kasuren batean ordainketa zatitu egin daiteke edo, beharrezkoa balitz, autofinantzaketa-plan bat taxutu daiteke.


Licencia de Creative Commons Factor Cocurricular by KOKUK Proyectos Cocurriculares – Kokurrikular Proiektuak is licensed under a Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 4.0 Internacional License.